Errotik | INDARKERIA MATXISTAREN PREBENTZIOA
18882
post-template-default,single,single-post,postid-18882,single-format-standard,ajax_fade,page_not_loaded,,hide_top_bar_on_mobile_header,columns-4,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-17.2,qode-theme-bridge,qode_header_in_grid,wpb-js-composer js-comp-ver-5.6,vc_responsive

INDARKERIA MATXISTAREN PREBENTZIOA

INDARKERIA MATXISTAREN PREBENTZIOA

Indarkeria matxistarekin amaitzeko, funtsezkoa da honen prebentzioan lan egitea. Indarkeria matxistaren prebentzioa lan sakona eta ibilbide luzekoa da, gizartean sakonki errotuta dauden jarrerak eta sinesmenak eraldatzea baitu helburu.

Errotik Kooperatiban lantzen dugun prebentzio-eredua feminista da funtsean. Paradigma feministan oinarritzen gara, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak eta diskriminazioak nola eta zergatik gertatzen diren azaltzeko eta ulertzeko. Genero-ikuspegitik lan egiten dugu, emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboari begira.

Gure prebentzio-eredua intersekzionala da ere, hau da, diskriminazioa sor ditzaketen beste aldagai batzuk kontuan hartzen ditugu (klase soziala, aniztasun funtzionala, sexu-orientazioa, adina, etnia…). Aldi berean, ekologikoa da. Ikuspegi honen arabera, indarkeria matxista arazo konplexua eta polifazetikoa da eta biografia-, psikologia-, gizarte- eta ingurumen-sustraiak ditu eta ez dago irtenbide sinple edo bakar bat hura desagerrarazteko. Diziplina anitzeko ikuspegien eta hainbat arlotako esku-hartzeen aldeko apustua egiten du.

Eta, azkenik, eredu positiboa eta proaktiboa da. Hortaz, autozaintzan, elkar zaintzan, tratu onetan, osasun integralean eta aniztasunaren balorazioan eta ikusgarritasunean oinarritutako harreman-ereduen eraikuntzan jartzen du arreta eredu honek. 

Beste aldetik, Hezkidetzaren teoriak indarkeria matxistaren prebentzio-maila desberdinak definitzen ditu. 

Errotik Kooperatiban prebentzioa lehen bi mailetatik lantzen dugu. Hau da, lehen mailako prebentziotik indarkeriaren eragina murrizten saiatzen gara, identifikatutako arrisku-faktoreetan eraginez, arrisku hori murrizteko eta egon daitezkeen adierazpenei aurre egiteko gaitasuna indartzeko. Lehen mailako prebentzioa komunitate osoari zuzentzen zaio, eta sentsibilizazioan eta kontzientziazioan oinarritzen da. Eta bigarren mailako prebentziotik, prebalentzia murrizten eta arazoaren detekzio goiztiarra egiten saiatzen gara, esku-hartze eraginkorra egiteko, arazoa areagotu ez dadin.

Errotik-etik, espazio bakoitzera eta haren ezaugarrietara egokituta, gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko programak diseinatu eta garatzen ditugu. Hona hemen gure esperientzia nabarmenetako batzuk:

Beldur Barik

Idazkaritza tekniko gisa lan egin dugu 2018an, 2020an eta, gaur egun, 2021ean. Beldur Barik Emakundek euskal gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko sustatutako erakunde arteko programa da.

Idazkaritza Tekniko gisa, besteak beste, programa garatzeko beharrezkoa den erakundeen arteko lankidetza koordinatzen dugu, hezkidetza-tresnak sortzen ditugu hainbat eragilerentzat, gazteekin prebentzioa lantzeko prozesuei dagokienez, eta programa bideratzeko tresna nagusiak diren ikus-entzunezko lehiaketa eta urteko topaketa antolatzen ditugu. 

 

Libre Izan Nonahi! 

2019tik gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko Gasteizko Udaleko estrategiaren Idazkaritza Tekniko gisa lan egiten dugu. Udaleko Berdintasun Arloarekin batera estrategia definitzen dugu; kaleko esku-hartzea diseinatzen eta koordinatzen dugu; bereziki hiriko jaietan; ikasgeletan “Hiri hezitzaileak” programaren barruan esku hartzen dugu; eta gazteekin prozesuak sustatzen eta laguntzen ditugu hezkuntza ez formalaren esparruan.