IKERKETA ARLOA - Errotik
18843
post-template-default,single,single-post,postid-18843,single-format-standard,ajax_fade,page_not_loaded,,hide_top_bar_on_mobile_header,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-17.2,qode-theme-bridge,qode_header_in_grid,wpb-js-composer js-comp-ver-5.6,vc_responsive

IKERKETA ARLOA

IKERKETA ARLOA

Gure lan-arlo nagusietako bat Ikerketa da, gogoeta kritikorako eta gizarte-eraldaketarako tresnagarrantzitsua dela sinesten dugu. Errotik Kooperatiban ikerketa-ildo nagusia hainbat eremutako genero-indarkeriak eta -desberdintasunak aztertzean datza; besteak beste, honako gaiak nabarmentzen ditugu: lan-esparrua, zaintzaren gizarte-antolaketa, sexualitatea, gorputza, amatasunak, migrazio-prozesuak, memoria feministak eta emakumeenak, kultura-ondare immateriala, jai-testuinguruak, gazteak eta landa-inguruneak.

Arlo honetan dugun esperientzia luzearen ondorioz, ikuspegi integral, diziplinarteko eta intersekzionalari eusteko gaitasuna dugu. Horrela, ikerketa-prozesu “kokatuak” egiten ditugu, hau da, eskura dagoen denboraren eta baldintzen arabera egokituak, ikerketa garatzen den testuinguru globala eta hura gauzatzeko helburua kontuan hartuta.

Ikerketa arloaren barruan diagnostiko parte-hartzaileak egiten ditugu, hau da, une jakin batean esku hartu behar den errealitate sozial baten biztanleriari eragiten dioten arazoak identifikatzea eta azaltzea ahalbidetzen diguten prozesuak aurrera eramaten ditugu, tokiko pertsonen eta komunitate antolatuen parte-hartzearekin.

Partaidetza-diagnostikoen kasuan, bi helburu nabarmentzen dira. Alde batetik, gai jakin bati buruz gertatzen denari buruzko argazki bat egitea, eta bestetik, esparru berean inplikatutako hainbat eragileren topaketa- eta partaidetza-gune bat sortzea. Horrela, gizarte-kausa jakin batekin zerikusia duten sareak eta lantaldeak sortzeko eremu emankorra sortzen da.

Errotik Kooperatiban azken hilabeteotan garatu ditugun diagnostikoetako batzuei buruz hitz egin nahi dizuegu. Prozesu hauek pandemia garaian egin dira, beraz, zenbait prozedura birplanteatu behar izan ditugu eta dinamika parte-hartzaileak gutxienekora murriztu. Hala eta guztiz ere, pozik gaude lortutako emaitzekin.

Urdulizko jaien diagnostikoa genero-ikuspegitik

Azterlan honen helburua Urdulizko jaiak genero-ikuspegitik aztertzea eta herritarrak hausnarketa-prozesu horretan inplikatzea izan da, jaia berdintasunezko parte-hartze inklusibo batera irekitzeko, indarkeria matxistarik gabeko jai-espazioak ahalbidetzeko.

Ikerketa-ekintza parte-hartzaile eta feministaren prozesu honen bidez, aldaketarako eta erresistentziarako faktoreak identifikatu dira, eta hainbat jai-eremutan eragiten duten hobekuntza-proposamenak egin dira, hala nola; jaia berrantolatzea, emakumeak festa-jardueretan inplikatzea edo festan sexu-indarkeriaren sentsibilizaziorako eta prebentziorako ekintzak hobetzea ikuspegi feministatik.

 

 

Diagnostiko parte-hartzailea: nola eragiten du egungo zaintza-sistemak eta ereduak Elorrioko biztanleriaren osasunean eta egoera sozioekonomikoan?

 

Proiektu honen helburua egungo zaintza-sistemak Elorrioko zaintzaileen osasun emozionalean eta egoera sozioekonomikoan duen eragina ikertzea izan da, batez ere emakumeengan. Diagnostiko parte-hartzaileari esker, beharrak hauteman dira eta hobetzeko ideiak jaso dira, etorkizunean Bizkaiko udalerriaren berezko zaintza-eredu bat sortzeko.

Ikerketa garatzeko, datu kuantitatiboak eta kualitatiboak jaso dira; online galdetegi, eztabaida-talde, elkarrizketa gidatu eta kontraste-talde baten bidez.

 

 

Areatzako emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa

 

Proiektu honen helburua Areatzako udalerrian emakumeen eta gizonen berdintasunaren egoeraren diagnostikoa egitea izan da. Diagnostiko hori partaidetza-prozesu baten bidez egin da. Prozesu horretan bai udalbatza politikoak eta Udaleko langileek zein herriko adin eta ibilbide desberdinetako emakume-talde batek parte hartu dute. Gainera, elkarrizketa sakonak egin zaizkie hezkuntzaren, osasunaren eta gazteriaren arloko eragileei.

Prozesu berak II. Areatzako Berdintasunerako Planaren ebaluazioa berritzeko eta udalerriak dituen behar eta aukera nagusiak identifikatzeko balio izan du, benetako aukera-berdintasunaren bidean urratsak ematen jarraitzeko, alegia. Gainera, gakoak eman dira III. Tokiko berdintasunerako planarentzat.